XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hori aberastasun kaskarreko hiritarrei bakarrik aplika dakiekeela esango da; eta aberatsek aristokrazi mendeetan zituzten gustuen antzekoak agertuko dituztela.

Ez nator bat horrekin.

Gozamen materialen kontuan, demokraziako hiritarrik oparoenek ez dute herriaren aldean oso bestelako gusturik agertuko, bai, herriaren baitatik irtenak direnez, gustu horiek benetan berenak dituztelako, bai horien menpe jarri behar dutela uste dutelako.

Arau komun horretatik bizioengatik ihes egitea bezain zaila da bertuteengatik ihes egitea.

Nazio demokratikoetan bizi diren aberatsak, beraz, beren premiarik txikienak asetzen saiatzen dira, ezohiko gozamenak baino lehen; desira txiki pila asetzen dute eta ez dira grina desordenatu handietan murgiltzen.

Honela grina gaiztoetan baino gehiago erortzen dira nagikerian.

Demokrazi mendeetako jendeak gozamen materialetarako duen gustu berezi hau ez da berez ordenaren kontrakoa; aitzitik, bere burua asetzeko ordenaren beharra du sarri.

Ez da ere ohitura-erregulartasunaren etsai; zeren eta ohitura onak onuragarri baitira lasaitasun publikorako eta mesede egiten diote industriari.

Sarritan nolabaiteko moraltasun erlijiosoarekin ere konbinatzen da; ahalik eta ongien egon nahi da mundu honetan, baina besteko aukerak galdu gabe.

Ondasun materialen artean, batzuen edukitza kriminala da; horietaz abstenitzeko ardura egoten da.

Beste batzuen erabilera onartu egiten dute erlijioak eta moralak; ondasun horietara bete-betean zuzentzen da bihotza, irudimena eta bizia, eta, horiek lortzen saiatzean, bistatik galtzen dira giza espeziearen aintza eta handitasun diren ondasun preziatuagoak.

Nik berdintasunari egozten diodana ez da gozamen debekatuen atzetik jendea arrastaka eramatea, gozamen baimenduen bilaketara erabat bideratzea baizik.

Honela, nolabaiteko materialismo zintzoa ezarri ahal izango litzateke munduan, arimak ustelduko ez lituzkeena, baina bigundu eta azkenerako isil-isilik indar guztiak ahulduko lizkiokeena.